Zenbait konponbide
Eskola porrotari aurre egin ahal izateko, programa globalak eta integratuak jarri behar dira martxan, eta plan horiek aintzat hartu behar dituzte hezkuntza, familia eta gizarte alderdiak. Neurri isolatuak edo partzialak ez dira orain arte eraginkorrak izan.Hezkuntza-administrazioaren aldetik, baliabideez hornitu behar ditu ikastetxeak, ikasleen aniztasunari (kulturak, gustuak, interesak, familia motak...) erantzuteko, eta ikasteko zailtasunak dituzten ikasleentzat talde txikiagoak, banaketa-gelak eta errefortzuak ahalbidetzeko.
Familiaren aldetik, beharrezkoa da lan-bizitza eta bizitza familiarra uztartzea, gurasoek eskola bizitzan hobeto parte hartu eta falta duten autoritatea ikastetxeen esku ez uzteko. Beharrezkoa da:
- Hezitzaileengan konfiantza izatea, haien autoritatea zaintzea eta edozein informazio garrantzitsu ematea.
- Gurasoen eta ikastetxearen artean koordinazio handiagoa izatea, aldian behingo harremanen bidez.
- Zailtasunik hauteman bezain laster neurriak hartzea.
- Seme-alabak lehen bizi-esperientzietatik motibatzea eta haien lorpenak aintzat hartzea.
Baina ikastetxeek, berez, ezin diete hezkuntza-erantzunik eman ikasleen gizarte premia guztiei. Beharrezkoa da familien, Udalaren (gizarte eta hezkuntza zerbitzuak) eta beste erakunde batzuen (Osakidetza, Aldundia...) arteko esku-hartze koordinatua, unean uneko esku-hartzeen bidez edo, hobeto, profesionalek koordinatutako ekintza baten bidez, ikastetxeei lagun diezaieten jarrera disruptiboak konpontzen.
Azken urteetan, irakasleen prestakuntzako alderdirik garrantzitsuenetako bat motibazioa da. Gaur egun, ikasi nahi ez eta jakin-minik ez duten haurrak eta nerabeak dira erronka nagusia, Marina filosofoak hau esaten du: "Ez zaudete aspertuta gauzak aspergarriak direlako, gauzak aspergarriak dira aspertuta zaudetelako".
Horretarako, ezinbestekoa da irakasleek grina berreskuratzea; hala nola, Informazio eta Komunikazio Teknologiei eta metodologia aktiboei esker ikasleen jakinmina eta interesa piztuz eta komunikazioa norabide guztietan hobetuz, aniztasunari eta, aldi berean, indibidualtasunari erantzungo dien metodologia baten bidez.
Ahaleginaren pedagogia sustatu behar da. Ikasleak ohartu behar dira, ikasteko, funtsezkoa dela estudiatzea. Denon artean, lortu behar dugu ikastetxeak hezkuntza-komunitate osoak maitatutako, ezagututako eta erabilitako lekuak izatea, irekiak eta ingurunean integratuak izatea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario