ESKOLA PORROTA

jueves, 2 de diciembre de 2010

Eskola porrota bigarren hezkuntzan I

Eskola porrota bigarren hezkuntzan

Benjamin Atutxa Eibarko Berritzeguneko zuzendaria
Eskola porrotak hezkuntza mailako helburuak lortu ez dituen ikasle kopurua adierazten du. Eskola komunitatearen kezkarik handiena izan da eta bada, oraindik ere, eskola porrota jasaten duten ikasleek zailtasun gehiago izango dituztelako gizarte sustapenerako. Espainiako estatuko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, eskola porrota % 26koa da, ELGAko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) herrialdeetako batez bestekoa (%20) baino zertxobait handiagoa; hain zuzen, %20koa da Bergarako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako eskola porrota. Horrez gain, aintzat hartzen badugu Batxilergoa egiten hasten diren ikasleen %10ek gutxienez ez duela amaitzen, gazteen % 30ek ez duela Batxiler titulua ondoriozta dezakegu, alegia, unibertsitatean edo Lanbide Heziketako goi mailako zikloetan hasteko aukera ematen duen titulua falta dutela.
Bestalde, ELGAk sustatzen duen PISA proiektuak -herrialde garatuetan ospe handikoak- ezagutza, trebetasun eta gaitasunen profila ematen duen oinarrizko adierazle multzoa lortzea du helburu. Orain arte, honako gaitasun hauek neurtu dira: irakurtzeko gaitasuna (2000), matematika gaitasuna (2003) eta zientzia gaitasuna (2006). Horrez gain, ondorioztatu denez, "15 urteko ikasleen % 26k ez daki eguneroko gaiei lotutako oinarrizko problemak ebazten", besteak beste. Aurrekari familiarrek eta faktore sozioekonomikoek dute eraginik handiena ikasleen errendimenduan. Mutilen eta nesken arteko aldeei dagokienez, egindako ikerketek agerian jartzen dute nesken eskola porrota mutilena baino txikiagoa dela, ikasten denbora gehiago ematen dutelako eta diziplinatuagoak direlako.

Eskola porrotaren kausak

Azken belaunaldietan, hainbat gizarte aldaketa jazo dira, eta garai batean gizarteko oinarriak ziren erakundeak ez dira orain hain garrantzitsuak. Gaur egun, gauza gehiegi eskatzen zaizkio eskolari, eta irakasleek ezin diete gizarte-eskaera guztiei erantzun, gainezka daudelako. Eskola porrota zenbait faktorek zehaztutako arazoa da. Hona hemen:
  • Eskola-testuingurua.
  • Familia. Ukaezina da emaitza onak eta gizarte-jatorria -hau da, familiak gai soziokulturalarekiko duen interesa- hertsiki lotuta daudela.
  • Hezkuntza sistemaren funtzionamendua.
  • Administrazioaren jarrera, baliabideei eta arazoak dituzten ikasleak herriko ikastetxe guztien artean banatzeari dagokienez.
  • Irakasle bakoitzaren lana.
  • Ikaslearen beraren jarrera. Alvaro Marchesiren iritziz, eskola porrota ikaslearen erantzukizuna da, alde batetik, ikastetxearen eta irakasleen erantzukizuna, bestetik. Alabaina, erantzukizunik handiena ikaslearen inguruko gizarte eta kultura baldintzena eta hezkuntza sistemaren funtzionamenduarena da.

No hay comentarios:

Hemen, argi eta garbi argitzen da eskola porrotaren zergatiak eta bere ezaugarri nagusiak.